Iruña Okako Udalak apirileko ohiko osoko bilkuran onartu du Badaiako Santa Katalinako Lorategi Botanikoa Ofybe elkartearekin kudeatzeko hitzarmena sinatzea. Irabazi asmorik gabeko erakundeak bazterketa arriskuan dauden kolektiboak gizarteratzen eta laneratzen laguntzen du. Halaber, Ofyberen eta Santa Katalinako Lorategi Botanikoaren Lagunen arteko koordinazioa sustatuko da udalak, lorategi botanikoaren proiektua garatzeko.
Lorategiak 2022an itxi zituen ateak, berrikuntza prozesu garrantzitsu bati ekiteko, eta azken asteetan lorategia hobetzeko lanak amaitzen ari dira. Espazioa berriro zabaltzen dutenean lorategiaren kudeaketa bere gain hartuko du Ofybek, eta bertan garatuko ditu artatzen dituen pertsonak gizarteratzeko proiektuak. Era berean, naturgunea kudeatzeko eta mantentzeko lanak egingo ditu.
Izan ere, apirileko ohiko bilkuran, udal taldeek lorategia hobetzeko obren kontratuaren luzapena berretsi dute, eta maiatzaren erdialdera arte luzatu dute. Era berean, ureztatze eta argiztapen sistemak hobetzeko egiten diren obren bederatzigarren eta hamargarren ziurtagiriak onartu ditzute, 132.503 eta 182.848 eurokoak, hurrenez hurren.