Berrogeita hamargarrenez, danbor arradak

Juanma Gallego 2025ko api. 26a, 06:00

Danborradan ondo jotzen ahalegintzen badira ere, argi daukate hori ez dela helburu nagusia, jaiak alaitzea baizik. Argazkia: AMETZA

Duela 50 urte hasi zen erretretarekin batera egiten den danborrada, industrializazioaren gorakadarekin Gasteizen sortzen ari ziren elkarte gastronomikoen eskutik. Ametza elkarteak bultzatu zuen ekimena, bertako kideek ikusi zutelako erretretaren ostean jai giroa mantendu beharra zegoela hiriburuan.

Duela 50 urte hasi ziren San Prudentzioko ospakizunei lotutako lehen danbor hotsak Gasteizen, eta gaur egun ez da erraza jaiak irudikatzea arabarron patroiari horren atxikita dagoen tradizioa aintzat hartu gabe. Beste hainbat konturekin gertatu ohi den bezala, askotan gutxi batzuen ahaleginari esker abiatzen dira denborarekin guztiz finkatutzat ditugun usadioak. Mendiaren aldapan behera botatzen den elur bola hori bezalakoa da prozesua. Kasu honetan, bola askatu zutenak Arabako hiriburuaren industrializazioari lotutako langileak izan ziren, batez ere Gipuzkoa aldetik etorritakoak.

"Azkenean danborrada irten zen, eta hirian inpaktua izan zuen". Isidro Urzelai

"Garai hartan Araban fabrika berri asko sortu ziren, eta Bizkaian eta Gipuzkoan jada ez zegoen tokirik fabrikak eraikitzeko", gogora ekarri du Ametza elkarte gastronomikoko kide eta danborren zuzendari Isidro Urzelaik. "Bestalde, Araban lurrekin eskaintza oso ona zegoen, eta batez ere Debagoienetik fabrika asko etorri ziren". Gaur egungo mugikortasunak bestelako aukerak ematen dituen arren, aintzat hartu beharra dago garaiko errepideak eta autoak ez zirela gaur egungoak bezal koak. "Hori dela eta, langile asko Gasteizera bizitzera etorri ziren, eta, txikiteoan ibiltzen zirela, pixkanaka elkarte bat egiteko ideia otu zitzaien". Modu horretan, 1972an sortu zuten Ametza elkartea. Ez zen denbora asko igaro elkartearen sorreraren eta danborrada egiteko ideiaren artean.

Urzelaik azaldu duenez, elkartearen sortzaileak konturatu ziren San Prudentzio egunaren bezperan egiten zen erretreta oso ederra zela, baina hori bukatu ondoren jendea afaltzera joaten zela, jatetxe batera edo elkartera afaltzera. "Baina kalean ez zegoen ezer. Bada, une batean, sortu zen asuntoa: komeni izango zela zerbait egitea". Gipuzkoar sena azaleratu zen orduan, jaiei lotuta danborrak erraz identifikatzen zituztelako. Gainera, elkarteko kideek ikusi zuten jaia hirira zabaldu beharra zegoela. "Lau kiderekin batzorde bat egin zen, eta bikoteka soziedade guztietara jo zen ideia honen berri emateko. Urtebete inguru egon ziren ate joka. Jardun horretan Jose Mari Sedano kazetariak asko lagundu zuen, kontaktu ugari zituelako". 

Lehen hitzordua

Hala, 1975ean egin zuten lehen danborrada, halako ekimen bat abiatzeak dakartzan buruhausteekin: danborrak, barrilak, jantziak… horiek guztia ahal izan zuten moduan lortu zituzten leku askotatik. "Baina azkenean irten zen, eta hirian horrek inpaktua izan zuen, jendeak ez baitzuen espero horrelakorik ikustea". Hasi eta gutxira, ekimenak halabeharrez etenaldi bat izan zuen, hurrengo urtean danborrada ez zutelako atera, martxoak 3ko hilketak zirela eta. Baina 1977an aldundiaren babesa lortu zuten. Pandemia urteak alde batera utzita, etengabeko hitzordua izan da, aurtengoarekin mende erdiko urteurrena bete arte.

1985etik dabil Urzelai elkartean, eta, gauza asko mantendu izan diren arren, bilakaera bat ikusi du. "Nire susmoa da lehenengo urteetan jendea arduratuta zegoela, ea ondo jotzen genuen. Eta ea urte bakoitzean nork jotzen zuen hoberen, lehiaketa kutsu batekin". Danborrak zuzentzen zituenez, horrek hari nolabaiteko presioa eragiten ziola aitortu du Urzelaik. Baina jakitun da haiek ez dakitela musikaz, eta entzuten dutenaren arabera saiatzen direla jotzen, ahalik eta ondoen. Gaur egun, ordea, hori aldatu dela dio: "Ondo jotzen da, bai, baina hori ez da helburua", ohartarazi du. Zentzu horretan, Urzelaik aipatu du konturatu dela emakumeak askoz formalagoak direla entseguetan eta danborradan, gizonekin alderatuz. "Beren rolean jartzen dira, eta beti daude prest; entzuten. Gizonak, kontrara, askotan alferragoak garela esango nuke".

Emakume horietako bat Leticia Baceiredo da. Familia bidez hurbildu zen elkartera. "Aitak danborra jotzen zuen, eta nik hori betidanik egin nahi izan nuen". Orain harrigarria eman badezake ere, Baceiredok gogora ekarri du hasiera batean emakumeek ezin zutela parte hartu elkartean. 2009an, ordea, Ametzak aukera hori ireki zuen, eta bera izan zen, hain justu, danborradako lehen emakumea.

Harrera ona

"Hasieran, tradizioa dela eta, esaten zuten beti gizonak izan zirela, baina baietz esandakoan denak pozik geratu ginen. Oso harrera ona izan nuen", aitortu du. Danborrada ezinbesteko hitzordua bihurtu da harentzat. "Amatxo izan naizen bi urteetan ez naiz joan, baina, gainerakoan, urtero joaten naiz. Orain, gainera, —duela bi urte eskaini zidatenetik— elkarteko bazkidea naiz". Kideekin batera, elkartearen eta danborradaren urteurrena prestatzen ari da Baceiredo. "Aurten prestaketa gehiago izan ditugu. Gauza bereziak egingo ditugu: adibidez, oparitxoren bat emango diegu bazkideei,eta danborrada sortu zutenekin bazkari bat egin dugu. Horrelako gauzak egiten ari gara urte hau berezia izateko". Modu berean, egin dituzten ekitaldi eta jarduera guztiak laburbiltzeko bideotxo bat prestatu dute, argazkiekin. "Azken urteotan, gainera, hainbat baja izan ditugu, bazkide batzuk zendu direlako. Bada, omenaldi bat egingo diegu hilaren 27an, intimitatean, haiek ere honen guztiaren parte izan direlako". 

Ametza elkarte gastronomikoa 1972an sortu zuten. Haiek izan ziren 1975eko lehen danborrada bultzatu zutenak. Argazkia: AMETZA

Une gozoagoak ere izan dituzte, noski; gehienak. Kasurako, Baceiredok gogoan du Oskorri taldekoek erretiroa hartu zuten urtean omendu zituztenekoa, Furra Furra joz. "Oso polita izan zen, plazan bertan jo genuelako, eta jende guztiak ikusi zuelako".

Urzelaik nabarmendu du giroa handitzen joan dela urteekin, bai entseguetan zein elkartearen beraren barruan ere. "Elkartearen ondoan dagoen garaje batean entseatzen dugu, eta, ondoren, pintxo-potean ibiltzen gara. Danborradara joaten garen egunean, giroa kristorena da. Janariari dagokionez, danborradaren egunean menu finkoa dute: berakatz zopa, perretxiko nahaskia eta bildotsa labean, eta postre bezala mamia. Osagai gehienak, gainera, Eginoko baserri batean hartzen dituzte. "Giroa zoragarria izaten da. Are, motz gelditzen da, eta hurrengo urtean jendeak berriz gogoz hartzen du eguna, aspertzeko denborarik ez dagoelako. Horrek laguntzen du ere urtero jendea gogoz hasi dadin entseguekin".

"Aurten prestaketa gehiago izan ditugu: gauza bereziak egingo ditugu". Leticia Baceiredo

Askotarikoak dira urte hauetan bildutako oroitzapenak. Batzuk aipatzearren, duela hogei urte musika CD bat atera zuten, Cegasa enpresaren eta Laboral Kutxaren babesarekin. "Konturatu ginen danborradako musika ez zegoela grabatuta. Gasteizko Udal Musika Bandaz lagunduta hamabi kanta grabatu zituzten Gasteizko Sonora estudioan, baina Danborrada Orokorrean ari zirenei zein Hor Konpon eta Okerrak elkarteetakoei ere abesti bana grabatzeko gonbidapena egin zieten. SER irratiak saria eman zien eguna ere biziki gogoan du Urzelaik. "Norbaitek ahalegin hori aitortzen dizunean, guztiz eskertzekoa da hori".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago

OSZAR »