Arabako jaiei agur esateko unea iritsi da, eta maiatzaren 1ean ospatuko den Estibalizko Andra Mariaren Egunak izango du orain protagonismoa. Egun handiak ohiko ospakizunak ekarriko ditu, hala nola erlijio ekitaldiak, pintura lehiaketak, sukaldaritza txapelketa, haurrek eta familiek gozatzeko gunea, kirol erakustaldiak eta herri bazkaria.
Jaien ohiko programazioaren baitan, gaur bertan Probintzia plazan Kalakan musika taldearen kontzertua egongo da, 21:00etan.
Estibalizko egitarauari dagokionez, 09:00etan hasiko dira aire zabaleko pintura azkarraren XXX. lehiaketa eta eta desagrabio edo kalte-ordainen VI. azoka —Erdi Aroko Arabak antolatua—. Haurrentzako tailerra ere egongo da, aurpegia margotzekoa, eta, 11:00etan, Arabako patata oinarri duen XXXI. sukaldaritza lehiaketa.
Kirol erakusketen alorrean, eskrima, kendoa eta herri kirolak egongo dira; haurrentzako jolasguneaz eta kale antzerki ibiltariaz ere gozatu ahalko da. Modu berean, Bestaldean ikuskizuna egingo du Zanguango antzerki taldeak, eta Erdi Aroko Arabak Harburuen misterioa argituko du. 12:30ean, Euskadiko XXXII. aurresku eta dantza soltearen txapelketa; herri bazkariaren ondoren, 16:00etan haurrentzako animazioa egongo da, pintura lehiaketako sariak banatuko dira, eta 17:00etan Arabako VI. bola jokoko txapelketa mistoa egingo da.