Mahastizaintzaren alorrean uzta berde izenekoan izena emateko epea hainbat egunez luzatu du Jaurlaritzak. Neurriaren berri ematean, Nekazaritza Sailak iragarri du laguntza horretara eskabideak aurkezteko epea datorren asteartera arte luzatuko duela, joan den apirilaren 28an izandako itzalaldi elektrikoak komunikazioak eten egin zituelako.
"Eskaera horiek aurkeztea telekomunikazio sareen funtzionamenduaren araberakoa da. Gainera, sistema elektrikoa erortzearen ondorioak direla eta, ezin zen ziurtatu behar bezala funtzionatzen duenik. Hori dela eta, komenigarria da uzta berdeko laguntza eskaerak aurkezteko epea luzatzea" azaldu du Ioseba Andoni Terrerosek, Jaurlaritzako Landa Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariak.
Prentsara igorritako oharrean, Jaurlaritzak ez du argitu orain arte zenbat eskaera aurkeztu diren.
Uzta berde izenarekin, mahatsa bildu beharrean, oraindik fruitua gorritu gabe dagoela mahatsak lurrera botatzeari esaten diote, ardoaren produkzioa gutxitu aldera. Iaz Jaurlaritzak gehienez 64 zentimo ordaindu zituen galarazitako mahats kilo bakoitzeko.