Gasteiz, Foronda eta Loiu lotuko dituen autobus linea berria uztailaren 1ean abiatuko da, Bilbo/Gasteiz A-3700 emakida bateratuaren barruan. Zerbitzu berriak uztailean eta abuztuan egunean hamahiru zerbitzu eskainiko ditu noranzko bakoitzeko, eta irailetik ekainera, berriz, bederatzi.
Linea Gasteizko erdigunetik —Goia gasolina zerbitzugunetik— abiatuko da, eta autobus geltokian, Forondan —txarteldun bidaiariekin soilik— eta Loiun geldituko da. Forondako geldialdia soilik aldez aurretik erositako txartela duten bidaiariak badaude egingo dute. Bestela, Loiura zuzenean joko du autobusak.
Txartelaren prezioa 15 eurokoa izango da, familia ugarientzako deskontuekin, eta BAT, BARIK eta MUGI txartelekin ordaindu ahal izango da, baina deskonturik gabe. Loiurako lehen zerbitzua 04:45ean izango da, eta, azkena, 21:45ean; Gasteizera doazen lehen eta azken zerbitzuak, berriz, 06:30ean eta 23:30ean izango dira.
Aldundiaren arabera, Bilborako emakida berriak, "hobekuntza handiak" ekarriko ditu "erosotasun, segurtasun eta irisgarritasunari" dagokienez. Aurreratu dute horren gaineko xehetasun berriak laster emango dituztela. Zerbitzua Arabako eta Bizkaiko aldundien artean kudeatuko dute, "modu kooperatiboan".
"Emakida hori abian jartzearekin, gainera, eskari historiko bati erantzungo diogu: Gasteiz Forondako eta Loiuko aireportuekin zuzenean lotzea", azpimarratu du Jon Nogales Mugikortasun diputatuak.