Amurrio, Asparrena, Kanpezu, Guardia eta Gaubeako udalekin hitzarmenak berrituko ditu Gizarte Ongizateko foru sailak mendekotasun moderatua duten adinekoak artatzeko dituzten etxebizitza komunitarioen zerbitzua hobetzeko. Hala, Arabako landa eremuko etxebizitza komunitario guztietan gaueko zerbitzua emanen du aldundiak.
Gaueko zerbitzuak arreta bermatzen die ordutegi horretan intentsitate ertaineko edo handiko ikuskapena behar duten pertsonei, loaren erritmoa eta gaueko portaera kontrolatzeko eta erregulatzeko.
EH Bildurekin adostutako aurrekontu akordioaren emaitza da zerbitzu horren finantzaketa handitzea eta gaueko arreta zerbitzua hedatzea. Arabako Foru Aldundiak 1,4 milioi euro bideratuko ditu udal etxebizitza komunitarioentzat; hau da, iaz baino % 50 gehiago.
Eva Lopez de Arroyabe EH Bildu Araba batzarkide taldeko bozeramaileak neurria martxan jarri izana txalotu du, zaintzak eremu hurbilean jasotzea ahalbidetuko duelako: "Esan genuen aurrekontu akordioa iragarri genuenean, eta berriz diogu: kalitatezko zaintzak herrian bertan jasotzea da EH Bilduren lehentasunetako bat, eta urrats bat gehiago da hau bide horretan. Herrietatik bertatik ematen den arreta balioetsi nahi dugu, pertsonen ingurune hurbilari eustea oinarrizkoa delako egoera zaurgarrietan".
Mendekotasun moderatua
Bost udalerri horietako etxebizitza komunitarioek 71 lagunentzako edukiera dute, guztira: 58 egoitza plazetan, 11 eguneko arretan eta beste 2 jantoki plazetan. Etxebizitza komunitarioen titularrak udalak badira ere, Arabako Foru Aldundiak bost udalekin
lankidetza hitzarmenak izenpetuta dauzka, eta haien bidez etxebizitzen kudeaketa eta mantentze lanak finantzatzen ditu.
Mendekotasun moderatua (1. maila) duten adinekoentzako etxebizitza komunitarioen helburu nagusia da erabiltzaileek beren ingurune komunitarioan jarraitu ahal izatea, horrela haien autonomia hobetu eta bakartasun egoerak ekiditen baitira.