Ekuatore Ginean emakumeek eta LGTBIQ+ kolektiboak bizi duten egoera salatu eta ikusarazi nahi du Obonok Euskal Herrira egindako bisitan, 2016an sortu zuen Somos Parte del Mundo taldearen bitartez. Gaur-gaurkoz, haren herrialdean homosexualitatea zigortu egiten dutela gogoratu du, besteak beste, Alferren eta Gaizkileen 1954ko Legearen babesarekin, Espainiako Estatuan 1995era arte indarrean izan zen lege berarekin. Horrekin batera, kolonizazioaren aurretik datorren egitura patriarkalaren "zama pisutsua" azpimarratu du.
Zein da LGTBIQ+ kolektiboaren egoera Ekuatore Ginean?
Maila juridikoan, legeek sexualitate disidentea zigortu egiten dute. 1968an independentzia lortu zuen Gineak, Espainiaren kolonia izan ostean, baina horren aurretik izan ziren herrietako talde etnikoetan ere ez da aurkitu disidentzia sexuala errespetatu izanaren zantzurik. Hau da, bi marko juridiko ditugu. Lege tradizionalak, alde batetik, eta Estatuko legeak, beste alde batetik, eta biak ez dira toleranteak sexu-afektu aniztasunarekiko.
Egoera hori salatzen ari zarete, 2016. urtetik, Somos Parte del Mundo elkartearekin.
Eta geroztik legeztatu gaitzaten zain jarraitzen dugu. Oraindik ez dugu erantzunik jaso, eta ziurgabetasun juridiko baten erdian ari gara lanean...
Nolakoa da lana eta egunerokoa, beraz?
Jasanezina. Guretzat, ustez seguruak ziren espazioak, egoitza sozialak eta biltzeko tokiak, tabernak eta jatetxeak, ez dira horren seguruak. Erasoak etengabe izaten dira. Polizia agertzen da, eta sarekadak ohikoak izaten dira. Gure egoitzei ere eraso egin diete, 2023 eta 2024 artean, Malabo hiriburuan eta Batan. Poliziek zenbait aldiz atzeman dituzte bi egoitzak inolako lizentziarik gabe, inolako baimenik gabe, justifikaziorik gabe, besterik gabe, nahi dutelako. Beraz, ziurgabetasuna eta segurtasun juridiko falta etengabea da. Uste dute jendea beldurtu, eraman eta atxilo hartzearekin amore emango dugula, baina orain arte ez da horrela izan.
"Politikariak aldatuko diren itxaropena baino, gehiago fidatzen naiz literaturaz"
Zu ere atxilotu zintuzten txosten batean parte hartzeagatik...
2017. urtetik ari gara urtero txosten bat lantzen giza eskubideen urraketen inguruan. Pixka bat light-agoak ziren txostenekin hasi ginen, eta maila igotzen joan gara, 2023an torturen inguruko txosten bat aurkeztu genuen arte, Europako Batasunak Madrilen duen egoitza batean. Nik aurkeztu nuen, eta ostean hainbat eragilerekin egon ginen, tartean Arartekoarekin. Eta, bai, bi aste beranduago atxilotuta nengoen. Baina gai hori nahiago dut ez kontatu, ahal bada... Baina, bai, LGTBI ekintzaileen atxiloketak oso ohikoak dira. Kartzelan lagun asko dago, kartzelatik atera den lagun asko dago, kartzela eta etxearen artean bizi den lagun asko. Baina, ordea, edozein momentutan Polizia ager daitekeen beldurra izatea da kartzelarik gogorrena Gineako LGTBI pertsona batentzat.
Alemanian bizi zara gaur egun, ezta?
Bai, graduondoko bat egiten ari naiz Humboldt Fundazioaren beka bati esker. Eta bekak iraun bitartean han izango naiz.
Pentsatu duzu inoiz zure herrialdea uztea?
Ginea harlauza baten parekoa da. El Pais egunkariak ikerketa erreportaje bat argitaratu zuen, eta ondoren dokumental bat egin zuten Ekuatore Gineako erregimenak atzerrian oposiziogileak, disidenteak edo aktibistak bahitzeko moduari buruz –La cacerÌa criminal de Obiang dokumentala–. Alegia, Berlinen edo New Yorken bizi banaiteke ere, bahitu nahi banaute berdin egingo dute. Berdin dio Ginean bizi naizen, edo Bilbon bizi naizen, bahitu nahi banaute, hala egingo dute. Ez daukat arazorik Gineara bueltatzeko, ez dago sententziarik hori esango duenik. Atxilotu nindutenean ez zuten atxilotzeko agindurik ekarri. Askatu ninduten, eta ez dute onartu atxilotua izan nintzenik. Bahitu nazakete, eta hori ere ez dute onartuko. Gineara ez itzultzeko ere ez didate esan, eta nahi dudanean itzuliko naiz.
Bien bitartean, elkartearen bitartez, gertatutakoa salatzen jarraitzen duzu...
Niretzat oso garrantzitsua da LGTBI problematika historizatzea. Gertatzen ari dena kontatu behar dugu, lekukotzak jaso, dokumentatu egin behar dugu, halakoren batean legeak egitea erabakitzen bada, jasota gera dadin, hamar txostenetan bilduta gera dadin, eta ezer gertatu ez dela esateko aitzakiarik izan ez dezaten. Egon bagaude, existitzen gara, txostenak prestatzen ditugu, liburuak idazten ditugu, doktore tesiak egiten ditugu Ekuatore Gineako LGTBI komunitateari buruz... Hau da, ez gaituzte garen moduan aitortu nahi, baina inork ez dizu eman behar elkartzeko eskubidea, zure bizitza duintzeko eskubidea, existitzeko eskubidea; zuk hartu behar dituzu eskubide horiek, zuk bizi, zuk elkartu. Eta hori da, hain zuzen, hartzen ari garen bidea; guri dagokigu dokumentatu, bizi, izan eta ikusaraztea.
Bereziki LGTBI komunitateko emakumeek jasaten duten indarkeria jaso zenuen 'Yo no querÌa ser madre' liburuan.
Agerian utzi nahi nituen emakumeen aurkako bidegabekeriak, batez ere lesbianen, bisexualen eta transen aurkakoak, Afrikako kontinentean oro har, eta fang kulturan bereziki. Liburuko protagonistak konbertsio estrategien bidez izan dira ama, sexu-bortxaketa zuzentzaileen bidez; nahiz eta Nazio Batuen Erakundeak estrategia hauek zigortzen dituen eta estatuak debekatzera behartzen dituen. Ginean, oraindik, gogoratu dezagun, babestuta daude konbertsio terapiak. Eta amatasun fortzatua da konbertsio terapietako bat, haurdun geratuz gero "lesbiana izateaz sendatuko" zarela uste dutelako. Liburu horretan, euren bizitza kontatu nahi izan zuten 30 emakumeren lekukotasuna jasotzen dut.
"Ekuatore Ginean aktibista bazara, zure bizitza arriskuan egongo da beti"
Istorio horietakoren bat nabarmenduko zenuke?
Uste dut guztiek utzi didatela arrastoa. Askotan kazetariok altzariak garela uste dute. Ni disidente sexuala naiz, emakumea naiz. Indarkeriak dokumentatzen ari naiz, eta sentitu egiten ditut, eta negar egin nuen istorio horiek idazterakoan. Baina beste aukerarik ez nuen: idatzi eta kontatu. Esaten zutena jaso, jendeak hori existitzen dela jakin dezan. Kontatzen ez dena ez da existitzen.
Zer esan nahi du Ekuatore Ginean ekintzaile izateak?
Egunez egun bizitzea eta eustea. Ez dakizu hurrengo egunean bizirik jarraituko duzun. Baina Ginea ez da espazio fisiko bat, egoera mental bat baizik. Ez dugulako demokraziarik ezagutu, eta diktadurak alde guztietatik jazartzen zaituelako. Batek pentsatu dezake nire kasuan postgradu lana egiten ari naizenez ondo nagoela, baina ez. Nire elkartearekin harremanetan nago, elkarteko jendearekin lan egiten dut, eta arazoak egunero iristen zaizkit. Kaletik noala, batzuetan norbait atzetik jarraika dudala sentitzen dut. Hau da, aktibista bazara, zure bizitza arriskuan egongo da beti. Eta zerbait gertatzeko beldur horrek, aurre egin behar diozun indarkeria horrek, pixkanaka zure buru osasunari ere eragiten dio. Paranoia batean bizi zara. Baina Ginean nagoenean nire etxeko atean beti dago norbait, poliziaren bat edo Poliziaren ikurra daraman autoren bat, leku guztietara jarraitzeko, jakiteko norekin bildu naizen, nor ikusi dudan, nor den lesbiana, nor ez den...
Alferren eta Gaizkileen 1954ko Legea oraindik indarrean egoteak arreta deitzen du.
Eta orain, pentsa, prostituzioa eta homosexualen eskubideak arautzeko legearen aurreproiektua dute esku artean. Frankismoarekin bat egiten jarraitzen dute. Hau da, Espainiarekin gaizki egindako hausturaren eredua da Ginea. 1968an independentzia lortu genuen, printzipioz, eta akordio bat izan zen bi herrialdeak ondo konpontzen jarraitzeko. Orduan gertatu zen haustura handia deskolonizazio txar baten isla da; Espainiako Gobernuaren partetik, zein Gineako elite politikoaren partetik. Orain agintean den elite politikoa frankismoan hezi zen, eta orduko Espainiarekin gobernatzen jarraitzen dute, ez egungoarekin. Hemen frankismoa bizi ez duen batek, hegazkin bat hartuta, han aurkituko du orain. NODOa ikusiko du telebistan. Frankismoaz bizirik geratzen dena han dago, hemengo VOXekin batera.
Aurrerapausorik izan al da azken urteetan?
Aurrerapausoak nabarmenak izan dira, lehenik eta behin, tabua haustea lortu dugulako. Lehen ez zen gaiaz hitz egiten, familia barruko sekretua zen. LGTBI seme bat izatea gauzarik lotsagarriena zen, baina ekintzailetza egiten hasi ginen artea edota antzerkiaren bitartez, ikusgarritasuna ematen... Zinemak ere eragin handia izan du. Espainiako ikus-entzunezko produktu asko ikusten dira, AquÌ no hay quien viva seriea kasu, eta inpaktu handia dute, "Hara!, beste leku batzuetan hori esaten da...". Bestalde, garai batean onartu zen arrunkeriarekin lotzen ziren LGTBI pertsonak egotea: lotsagabeak, biolentoak, ahozikinak... Baina pertsona homosexualen alternatiba bat lantzen ari gara; gure egungo koordinatzailea, esate baterako, lizentziatura duen gay gazte bat da, eta beste koordinatzaileetako bat negozio bat duen lesbiana bat da. Hau da, LGTBI pertsonen figura alternatiboak sortzen ari gara hazten doazen gazteek nolabait bestelako erreferenteak izan ditzaten, aurreko irudi hori indargabetzen saiatzeko.
Zeintzuk izan ziren zure erreferente? Nola bizi izan zenuen nerabezaroa?
Kolegio-barnetegi batean eman nuen nerabezaroa. Eta monasterioak beti izan dira jauregi bat mundu lesbikoarentzat, beraz, poz-pozik. Bollerak ziren monja guztiak. Beraz, normaltasunez. Handik atera behar izan nuenean jakin nuen horren normala ez nintzela, kar-kar... Bestalde, Ginean ez nituen ezagutzen modu irekian LGTBI ziren emakume erreferenteak. Ez. Irakurtzen ezagutu nuen lehenengo LGTBI emakumea Simone de Beauvoir izan zen. Frantziako kulturaren eragin handia dugu Ginean, eta liburuen bitartez heldu nintzen emakume hori ezagutzera.
"Negar egiten dut jasotako istorioekin, baina beste aukerarik ez dut: idatzi eta kontatu"
Literatura arma garrantzitsua da kontzientziatzeko?
Kontzientziatzeko eta existitzeko. Idazten dudan bitartean, behintzat, ez dut mundu errealarekin harremanik, nire pertsonaiekin baizik, eta haiekin hitz egin dezaket, nire fikziozko pertsonaiekin.
Etorkizuna nola irudikatzen duzu Ekuatore Ginean?
Ginea pertsona bakoitzak eraikitzen duen herrialdea da. Estatua herritar bakoitzak eraikitzen du. Eta nik ez dut ezer espero Gineako politikariengandik. Hainbat foro eta solasalditan elkartu izan gara, eta, egia esan, ez dut ikusten tolerantzia handiegirik generoa nahiz aniztasun sexu-afektiboarekiko. Baina gazteengan sinisten dut. Gineako gazteak asko aldatu dira. Orain, adibidez, itsas pasealekura edo beste lekuren batera paseatzera bazoaz, askoz errazagoa da polizia batek jazartzea mutil gazte batek baino. Gazteek beste gauza batzuk nahi dituzte, beste bizitza batzuk bizi nahi dituzte, Kylian Mbappe eta Lamine Yamal ezagutzen dituzte, eta bestelako bizitza bat nahi dute... Elite politikoarekin nazkatuta dago Ginea, oraindik bereziki frankistak diren politikariekin. Konfiantza handiagoa dut gazteengan. Konfiantza dut ekuatoreginear bakoitza herrialdea eraikitzen dela bere esparrutik. Eta nik literaturaren bitartez eraikitzen dut, ekintzailetzaren bitartez. Politikariak aldatuko diren itxaropena baino, gehiago fidatzen naiz literaturaz eta arteaz.
Nolako mezua zabaldu nahiko zenuke nazioartean? Zer egin daiteke kanpotik?
Uste dut herritarrek enpatizatzen dutela, elkartasun handia dago, eta Euskal Herrian nabaritu dut. Kanpora noanean nitaz hitz egiten dut, nire liburuez, eta jendeak interesa du, galderak egiten dizkizu. Jendeak zure lana baloratzen duela sentitzen duzu. Hain justu, idazle sentitzen naiz hegazkin bat hartzen dudanean, Gineatik ateratzen naizenean. Ginean, berriz, "emakume guztiak dibortziatu behar direla esaten duen lesbiana hori" naiz ni.