Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hainbat irakaslek Eusko Jaurlaritzaren egoitza parera eraman dute protesta gaur, Lanbide Heziketa euskaldundu dadin "beharrezko egitasmoak eta neurriak" har daitezen eskatzeko. "Ez dugu sentitzen Hezkuntza sailetik, Lanbide Heziketa euskalduntzeko bide-orriak babesten gaituenik. Lanbide Heziketaren planean ez da euskara aipatzen eta gure plana euskal baldin bada, euskarak zutabe nagusia izan behar du", irakurri dute goizeko agerraldian.
Irakasleen esanetan, Lanbide Heziketak, Lehen eta Bigarren Hezkuntzaren jarraipena izanik, euskararen eskaintza parekatzeko "plan estrategiko bat" beharrezkoa du, euskalduntze bidean akuilu lana egingo duena.
Hala, hizkuntza normalkuntzako arduradunen arabera, egungo irakasle guztiek euskara gaitasuna izan beharko lukete: "Plazak perfilatzea zentzua galdu du, eta bereiztekotan, euskara gaitasunik ez daukatenentzat bereiztu beharko lirateke. Beraz, PL1-etik PL2-ra pasatzeagatik lehentasuna ez galtzea eskatzen dugu, plazak daukan perfilak irakasleon egonkortasuna edo jarraipena ez baldintzatzeko". Era berean, itunpeko ikastetxeetako irakasleen euskararekiko baldintzak parekatzea ere beharrezkoa dela uste.
Ikasleak euskaraz matrikulatzeko "kanpaina ganorazkoa eta indartsuagoa" behar dela nabarmendu dute, "eta euskaraz ikasteak suposatzen duen balio erantsia azpimarratu beharko litzateke". D eredutik doazen ikasle askok A eredua aukeratzen dute, azaldu dutenez, erraztasunagatik eta informazio ezarengatik, "baita euskarak dakarzkien abantailaz jabetzen ez ditugulako".
Halaber, ingelesa eskaintzen duten moduan, A ereduan euskararen ezagutza minimoa ziurtatu behar dela uste dute, euskararen presentzia ordu zehatzekin bermatuz.
Dagoeneko, aldarrikapenarekin bat egiten duten 800 sinadura batu dituzte eta hala helarazi diote Hezkuntza Sailari.