Javier Gomez Calvo historialariaren Paseo de la Perra Gorda. Guerra Civil y violencia política a orillas del Ebro liburuaren aurkezpena egin dute larunbat goizean Eltziegon. Gerra Zibilean herrian izandako errepresioa eta erailketak jaso ditu liburuak.
Kultura Etxean egindako aurkezpenaren ondoren, biktimen senideek eskatuta, PSE-EEk omenaldia eta lore eskaintza egin dizkie, herriko hilerrian dagoen hilobi komunaren aurrean.
Orotara hamar lagun hil zituzten herrian, eta horietako zortziren gorpuzkiak hilobi horretan daude: Guillermo Bauza Cerezo, German Cornes Palacios, Miguel Saenz Lopez, Pablo Cañas Arnaiz, Augusto Rubio Calvo, Fidel Uribe Uribe, David Lamaza Fernandez, Adrian Uribe Uribe, Daniel Palacios Pereda eta Pedro Oses Sagredo.
"Ezin dugu ahaztu Eltziegoko bizilagun hauek atzeman eta fusilatu zituztela gure herrietako jendearen bizi baldintzen alde politikoki eta maila sindikalean lerrokatzeagatik", gogora ekarri du Arabako Errioxako Sozialisten Elkarteko idazkari nagusi Raquel Zabala Compañonek. "Bai biktimei zein beren familiei zor genien omenaldi eta aitortza da hau. Haiek biktimen oroimenaren sua mantendu dute, beren desagertzearen eta heriotzaren justiziarik eza eta bidegabekeria salatuz. Gure balore demokratikoek etengabean dituzten mehatxuen aurrean oroigarri izan dadila hau".