Raparen estereotipoez, egoaz, musikaren industriaz eta beste hainbat gairi buruz hitz egin digu Barrosok, lan berria abiapuntu hartuta. Ez omen da ohiko raperoa Barroso, ez eta ohiko rapa ere berak egiten duena, baina izan zitekeen, raparen inguruko estereotipoak ezberdinak balira. Harriduraz hartu izan du rapari oholtza nagusiak eskaini ez izana Euskal Herrian, baina potentziala baduela dio.
Nola definituko zenuke 'Goizegi hiltzeko' disko hau?
Uste dut aski disko zintzoa dela, egiten dudanaren eta naizenaren lagintxo bat bezala definituko nuke, laburrean. Diskoaren izenburuak dioen bezala, Goizegi hiltzeko, rapa maiz lotzen dugu jende biziki gaztearekin. Nik ja ez ditut hemezortzi urte, eta pixka bat hortik heldu da, nire ibilbidean oraindik goizegi dela hiltzeko, edo isiltzeko.
Aurrekoa, 'Terapia' diskoa, oso intimoa zen. Zer espero behar dugu honetatik?
Egia da Terapia aski barneko disko bat zela. Erranen nuke, gainera, egin behar nuen disko bat zela, Goizegi hiltzeko ezingo nukeen egin aitzinetik Terapian hustu ez banitu zaku batzuk. Niretzat rapa hori ere bada, nire zakuak husteko bide edo. Disko berria naturalagoa da, beharbada. Gutxiago gogoetatua zer askatu nahi dudan, baizik ja askatasun gehiagorekin, idazkera dinamikoagoa da. Terapiaren aldean ez da hain iluna, aurrekoa aski disko itxia zen, puristentzakoa, eta hau irekiagoa, uste dut.
"Ez dut sentitu nahi erreferente. Nahiago dut burua apaldu eta ondotik pasa"
Zu ez omen zara ohiko rap abeslaria. Zertan aldentzen zara raperoaren estereotipotik?
Estereotipoetatik, hori da, zeren ni ohiko rapero izan nintekeen, baina ez da normalean aitzinera jartzen den rapero profila, ez. Eta uste dut badirela ni bezalako beste pila bat. Nik ez dut hainbeste idazten juerga, drogak eta kontu horiei buruz, ez baitira nire egunerokoa ere. Frantzian biziki entzuna da rap conscient deitzen dena, eta erranen nuke nirea rap kontzientea dela, ez hainbeste egotik egina. Norbera puzte bidean baino, uste dut norberaren hanka herrenak erakusten ditudala.
Helburu batekin egiten duzu, eragin nahi batetik? Edo barruak hustetik dauka asko?
Ez dut halako anbiziorik. Beti erraten dut ni ez naizela nor inori lezioak emateko, inori errateko zer pentsatu behar duen, zer den ona eta zer den txarra. Ni biziki pertsona xinplea naiz, eta hori defendatzen dut azkenean, mitifikatutako pertsonaia bat baino, Odei arrunt bat naizela, bereak kontatzen dituena bere azaletik. Nik egiten dudana da nire egunerokoa, nire iritziak, sentimenduak, nire ezinak, nire amorrua, dena zaku batean sartu eta nire baitatik atera, nire galbahetik pasata. Uste dut hori dela proposa nezakeen bakarra, eta onena.
Zure musika ez omen da beste batzuena bezain komertziala, hain salgarria.
Bai, hori uste dut. Erranen nuke pena bat dela, ez nigatik, generoarentzat baizik, euskarazko rapa ez dela salgarri izan inorentzat inoiz gure herrian. Harriduraz bizi izan dut hori. Gu hasi ginelarik, eta lehenago Selektah [Kolektiboa] hasi zelarik, ez dut nehoiz sobera ulertu zergatik ez den gehiago puxa estilo hau, zergatik ez zaizkion eskaini oholtza nagusiak. Zergatik management etxeek eta industriak ez duten inoiz apusturik egin, ez nire alde, baizik genero honen alde. Ipar Euskal Herrian bizita, ikusten dut, gazteek rapa entzuten dute, eta Frantziar Estatuan gehien entzuten den musika da, diferentziaz. Eta batzuetan amorruz bizi dut, egunerokoan euskal gazteek entzuten dutelako rapa, baina ez euskaraz.
Musikaren industriarekin ere egingo zenuen topo zure ibilbidean. Diskoan diozu hor ez duzula lekurik.
Bai, ez dut lekurik industria horretan, hori argi dut. Eta industria horrek bada denbora puska bat ez duela lekurik gure etxean ere. Industriak ulertzen du musika emanen dionaren arabera. Eurotan neurtzen du, nik hemen inbertitzen dut eta hainbeste ekarriko dit. Nik kultura ezin dut horrela ulertu, kulturan ezin da apustu bat egin errentagarritasunaren arabera. Ni horren erabat kontra nago. Euskal kulturak ez du errentagarritasuna bilatu behar. Bilatu behar du zer proposatzen duen, zer duen ekartzeko kolektiboari, gizabanakoari. Industriaren parametroetan ulertzen badugu musika, galbidera goaz. Bai kulturarentzat, hizkuntzarentzat, herri bezala, kontzientzia kolektibo bezala.
"Bertsolaritzaren osasuna ez du BEC-ek neurtzen, urteroko plazek neurtzen dute"
Ikusi ditugu zenbait talde formatu handiak bilatzen, sekulako ikuskizunak egiten.
Nik, kritikatu baino, kezkaz ikusten ditut. Kezkaz, ezin dugulako neurtu kultura baten osasuna kopuruan. Bertsolaritzaren osasuna ez du BECek neurtzen, urteroko plazek neurtzen dute. Gure herrian egiten den sorkuntzaren osasuna ezin da neurtu makroan. Gu herri txiki bat gara. Nahiz eta BEC, Nafarroa Arena edo halakoak bete, guk txiki izaten segitzen dugu. Uste dut alferrik gabiltzala BEC betetzen aretoak hutsik baldin badaude. Ez da taldeak hatzarekin erakustea, baina uste dut formuletan pentsatzen hasi behar dugula, eta kezka hori kolektibo bilakatu. Ni pozten naiz BEC betetzen dutelako talde batzuek, baina ni ez naiz inoiz izan makro kontzertuen zale, gaizki entzuten da... Nik kontzertuak maite ditut, aretoetan, ahal bada aski txikietan, izerdia, usaina, emozio hori horrela maite dut nik. Beste batzuek handian maite dutela, bikain, baina ez bedi bete herrigintzaren bizkar.
Esan izan duzu askotan sentitu zarela ez Iparraldeko, ez Hegoaldeko. Nola eraman izan duzu hori?
Bai, hori da. Baina aski pertsonala da hau, ez inongoa sentitzearena. Nire etxetik hasita dator. Aita Extremaduratik lan bila etorritakoa bere familiarekin; aitak ez daki euskaraz, adibidez. Ene ama zendu zen, baina euskaldun berria zen. Nik ikastolan ikasi dut euskara, ez dut euskalki berezi bat, nirea, nire herrikoa. Gurasoek erabaki zuten Lapurdin bizitzea, eta gu, ez hango, eta hegoaldera etorrita, ez hemengo; beti sufritu izan dut hori. Gaztetan Bilboko festetara etorri, Gasteizkoetara, eta frantziar gisa hartuak ginen, izugarri nekatu nauten gauzak dira horiek, bai. Eta bestetik iruditzen zait maiz dirudiela iparraldeko hiru lurraldeak dena bat direla. Mila mundu daude gure lurretan, eta uste dut kontzientzia falta dela, txikiak duen errealitatearen kontzientzia. Periferiara begiratu behar da, erdiguneak eraiki nahi badu zerbait, nik uste dut dezente duela ikasteko ertzetatik.
Zaharra zarenik ezin esan, baina raperoez espero denerako agian bai? Badago zaharrentzako lekurik?
Bai. Ni baino puska zaharragoak diren rapero anitz daude, eta segitzen dute. Niretzat ez da adinik, norberaren izaera da, nola sentitzen den. Erran izan dut uzteko beharra sentituko dudalarik utziko dudala. Ni gazteekin nabil egunerokoan, baditut entzule gazteak, ez hain gazteak... uste dut rapak ere, beste estiloek bezala, denentzako baduela. Orduan, inori lekua kendu gabe, uste dut oraindik puskaz segi nezakeela rapeatzen. Ez dut inoiz egin hau gaur bezain ongi.
"Industriak musika eurotan neurtzen du, ematen dionaren arabera"
Esango nuke euskal raparen egungo panoraman izen nagusietako bat zarela. Sentitu zara erreferente?
Ez dut sentitu nahi erreferente. Batzuentzat hala banaiz, ongi, baina nahiago dut burua apaldu eta ondotik pasa. Beharbada ez dirudi, baina aski lotsatia naiz gauza batzuekin, eta aski barnekoa. Uste dut bakoitzak bere erreferenteak aurkitu behar dituela, nondik ikasi nahi duen. Norbaitek zerbait ikasi badezake nigandik, bikain, har dezala nahi eta ahal duen guztia, baina beste batengandik ere. Norbait elikatzeko jende askorengandik edan behar da. Gure herrian rapero dezente badaude, eta lekua egin behar zaie denei, egiten duten rapak merezi duen lekua izan dezan.
Artista bilakatzeko bide honetan zalantzan jarri behar izan duzu zure egoa?
Bai. Ni azkenean naizen raperoa naiz, naizen pertsona naizelako. Nire burua zalantzan jartzen dut egunero, gauza txikiekin eta gauza potoloagoekin. Erabakiak hartzea biziki kostatzen zait.
Aipatu dituzu lotsa, segurtasun falta... Baina pentsa daiteke segurtasuna beharko dela igotzen zaren moduan oholtzara igotzeko?
Bai. Badut ere segurtasun bat nire baitan, bestela ezingo nuke egin, baina ikasi dudan segurtasuna da. Lantzen da hori ere, oholtzara igotzera, jendaurrean egotea, distantzia hartzea... Rapak asko laguntzen dit, rapa egiten dudanean nire munduan nagoelako, kontzentratuta %200ean. Orduan lortzen dut, distantzia horren bidez, nirea egiten eta seguru izaten egiten ari naizen horretan. Hauskorra naiz, dudatia naiz, baina segurtasun puntu bat ere badut, noski. Geroz eta argiago ditut gauzak, orduan gauzek geroz eta gutxiago eragiten didate pertsonal mailan. Zeren ez da beti erraza igotzea, jendeak zernahi gauza erraten ahal dizu, zalantzan jartzen ahal du egin duzun guztia.
Artista lanerako pertsonaia bat sortu behar izan duzu?
Ez naiz ona pertsonaia sortzen. Batzuek lortzen dute rapa egiten izen bat asmatuz, eta beste rol bat jokatuz erabat. Nik badut pertsonaiatik ere, noski, ari naizenean hau egiten, baina uste dut nire pertsona eta pertsonaia beti doazela oso lotuta. Rol batzuk jokatzen ditugu denok bizitzan, hori argi da. Baina uste dut aski hurbil daudela beti nire pertsona eta nire pertsonaia. Azpimarratu nahi dut gabezia bat izan daitekeela, pertsonaiak babesten duelako pertsona, eta nik batzuetan erranen nuke babes hori ez dudala aski izan.
Bertso munduan ere aritua zara urte askoan, kantuan eta irakasle gisa. Zer dauka ikasteko bertsoak rapetik, eta zer rapak bertsotik?
Galdera zaila, ez dakit. Niretzat bi genero dira, bi arte diziplina, eta hain desberdin bizi izan ditut... Batean gauza batzuek balio dute, bere kodeak dituelako, eta bestean ez. Uste dut bakoitza ongi dagoela dagoen lekuan. Nik biak bereizten pasa dut bizia, eta horretan mantenduko naiz.
Batzuetan aipatzen da egungo bertsokera batzuen gehiegizko txintxotasuna, agian rapak ahalbidetzen du hori pixka bat puskatzea?
Bai. Rapak hori hautsi dezake, eta agian rapero batzuek txintxotasun gehiago beharko lukete, ez dakit.
Zuk badaramatzazu urte batzuk rapean, ikusi duzu aldaketarik mundu honetan?
Bai, nik uste dut inoizko rap gehien egiten dela segur aski gure herrian, eta naturalizatu den zerbait da, bazen garaia. Aski natural bizi da orain rapa. Gu hasi ginelarik 2ziorekin, lehen kontzertuetan jendeak ez zuen natural ikusten. Orain bai.
2zio taldearekin hiru disko atera zenituzten, bakarka jada bigarrena. Nolakoa izan da talde lanetik bakarkakorako pauso hori?
Hasieran pixka bat mugitzen ditu barrenak, eta gero biziki pozik hartutako erabakiez. Batzuetan pentsatu izan dut lehenago has nintekeela bakarrik ere, baina ez nion zilegitasun hori ematen nire buruari. Beti taldearen babesa behar nuen. Ba tira, bakarrik gauza batzuk zailagoak dira eta gauza batzuk errazagoak. Sortze prozesua errazagoa egiten zait, edo erosoago nabil, egia erran. Eta beste gauza batzuk zailagoak dira, zure izena dagoelako hor, eta zurea bakarrik.
Zuk bakarrik egitea biluziago egotea da? Nola daramazu esposizio hori?
Bai, nonbait taldeak babesten du, babesten gaitu denok. Eta bakarrik zoazenean... Nik badut taldea, badut jendea inguruan eta nirekin oholtzaratzen dena. Ekipo bat gara, Alkimiako [Produktorako] familia. Familia hori hor dut, baina tira, izenak nirea izaten segitzen du.
Apustu sendoa egina daukazu musikagatik. Badago aukerarik horretatik bizitzeko?
Honetaz bizi naiz neurri batean, gaur egun. Hau bizi dut eta honetaz bizi naiz. Estudio bat dut Hendaian. Erabaki dut musika eta bere inguruan dauden arlo desberdinei ematea nire denbora, nire bizia. Argiki erranda, soldatapeko lan batean ari nintzenean baino askoz prekarioagoa bizi naiz orain, apustua egin nuenetik, baina askoz gehiago aberasten nau.
Goizegi da proiektu berriez galdetzeko? Zer asmo dituzu?
Oraingoz jo, ibili, mugitu. Lan hau azkenean orain da berria, baina niretzat ez, eta baliatu nahi dut momentu hau. Goizegi da niretzat pentsatzeko hurrengo disko batean edo. Argi dut eginen dudala zerbait gero, segituko dudala. Nik hau maite dut, deus baino gehiago. Orduan, segituko dut honetan, baina ez dakit zer. Burua momentu honetan gaurko kontzertuan.