Gasteizko emakumearen hilketa matxista salatu du udalak

Erredakzioa 2025ko mai. 9a, 12:49

Hildako emakumearen bizilagunak izan dira udalak deitu duen kontzentrazioan. Argazkia: R.V.

Apirilaren 25ean Haron izandako hilketa matxistaren biktima Gasteizkoa zela azaldu du udalak.

Haron, apirilaren 25ean, gertatu zen hilketa matxistaren biktima gasteiztarra dela ohartarazi du Gasteizko Udalak eta elkarretaratzea egin du gaur, Plaza Berrian. "Hilketa matxista honen aurrean, gure gaitzespena eta babesa adierazi nahi dizkiogu eraildako emakumearen familiari, eta horren esku utzi nahi ditugu gure baliabide psikologiko, juridiko eta sanitarioak", esan du udalak.

36 urte zituen biktimak, eta 46 urteko gizonezkoak, bikotekideak, hil zuen labankadaz. Gizonak telefono bidez aitortu zuen emaztea hil zuela, eta handik gutxira atxilotu zuten. Guardia Zibilak joan den asteko asteartean adierazi zuenez, kartzelan dago gizona.

Kontzentrazioa arratsaldean

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak bere aldetik gasteiztarraren hilketa gaitzetsi du, eta Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan kontzentrazioak antolatu ditu arratsalde honetan. Gasteizen, 18:30etan egingo dute kontzentrazioa, Andra Maria Zuriaren plazan.

Protokoloa martxan

Gasteizko Udalak adierazi duenez, emakumea Gasteizko bizilaguna zela jakin zuenean eta informazioa egiaztatu ondoren, indarkeria matxistaren kontra jendaurrean erantzuteko protokoloa aktibatu zuen, eta premiazko bilera batera deitu erantzun instituzionala eta biktimaren inguruko pertsonen arreta koordinatzeko.

Indarkeria matxista giza eskubideen urraketa larri bat dela adierazi du udalak, eta azpimarratu du hilketa dela matxismoaren adierazpen larriena, bai eta duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren aurkako lehen mailako arazo sozial bat ere. "Ez da gertaera isolatu bat, gure gizartea egituratzen duten jokaera esplizituen eta mezu normalizatu eta sinbolikoen sare bat da, helburu duena emakumeen mendekotasuna iraunaraztea, ez dadin egon egungo sistema heteropatriarkalak ezarritako mugak urratzen dituen gorputz, eredu edo portaerarik", esan du.

Ildo horretan, erakunde publiko gisa emakumeei oinarrizko giza eskubideak bermatzeko konpromisoa hartu du, eta horretarako neurriak iragarri ditu, "edozein eraso matxistari erantzuteko".

Hiru hilketa aurten

128 emakume hil dituzte gizonek 2003tik Euskal Herrian. Haietako hiru, aurten: Haroko azken hilketa matxista baino lehen, urtarrilaren 3an, 63 urteko gizon batek 84 urteko ama hil zuen Barakaldoko Arrandi kaleko etxebizitza batean, eta otsailaren 5ean, berriz, Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen Irunen, amari labanaz eraso egitea leporatuta.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago

OSZAR »