Gasteizko bizikleten erabilera bistaratzeko plataforma, irabazle

Erredakzioa 2025ko mai. 9a, 12:24

Besteak beste, Bizidatak bizikleta bideak trafikoaren egoerarekin parez pare ditu. Irudia: BIZIDATA

Open Data Euskadi lehiaketa irabazi duen Bizidata aplikazioak aukera ematen du hiriburuko bizikleten erabilera zertan den ikusteko, trafikoa edota klima aintzat hartuz.

Bizidata: Gasteizko bizikleten erabilera bistaratzeko plataforma proiektuak irabazi du 2024ko Open Data Euskadiren aplikazioen lehiaketa, web zerbitzuen kategorian. Igor Diaz de Guereñu de los Riosek egindako plataformak Gasteizko bizikleten erabilerari buruzko datuak bistaratzen ditu, eta, datuak aztertu eta deskargatzeko aukera emateaz gain, bizikletaren erabileran eragina duten kanpo faktoreak esploratzen ditu, hala nola klimatologia eta trafikoa. Bizikleteroak elkartearen webgunean dago plataforma.

Kategoria orokorrean, Zaira Gil Ozaetaren Vitoria-Gasteiz Businessmap izeneko proposamenak bigarren saria eskuratu du. Hiriburuan ekintzailetzaren eta jarduera ekonomikoaren arloko erabaki estrategikoak hartzen laguntzeko bistaratze interaktiboko tresna da hori.

Kategoria horretan lehen postua lortu duen proiektua Garbiñe AI izenekoa izan da, Beatriz Arenal Redondorena. Adimen Artifiziala eta Open Data Euskadiren datu irekiak konbinatzen ditu, "ekonomia zirkularra sustatzeko eta Euskadin birziklatze ratioak hobetzeko asmoz".

Jaurlaritzak antolatzen du lehiaketa, hiru diputazioen eta hiriburuetako udalen laguntzarekin. Deialdiaren helburua da "formatu berrerabilgarrietan eta erabilera lizentzia irekien pean dauden datuen irekiera bultzatzea". Deialdia iazko abenduan egin zuten, eta, orain jakitera eman dutenez, 71 proiektu jaso dituzte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago

OSZAR »