Gasteizko lorategien gatazkaren korapiloa ez da askatu oraindik, eta luzatzeko itxura hartu du gainera. ELA, LAB eta ESK sindikatuek ohar batean azaldu dutenez, gaur greba mugagabearen 48. eguna bete dute eta ez dute gertu ikusten gatazkaren konponbidea. Are gehiago, Gasteizko Udalaren eta Enviser azpikontratatutako enpresaren "arduragabekeria" salatu dute, eta egoera PSE eta EAJren udal gobernuaren "pribatizazio eta azpikontratazio politiken ondorio zuzena dela" esan dute.
Egunero egiten ari diren mobilizazioez gain, lorategi eta parkeetako langileek iragarri dute maiatzaren 16an, 18:30ean, txakurren jabeen kontzentrazio bat eginen dutela Gasteizko udaletxearen aurrean, Plaza Berrian. Azaldu dutenez, lorategien egoeragatik jende askok eta bereziki txakurren jabeek duten kezka jaso nahi dute mobilizazioan.
Era berean, gizarte eragileen eta enpresa batzordeen babesa jasotzeko kanpaina bat martxan jarriko dute, maiatzaren 26an mobilizazio handi bat egiteko asmoarekin.
25 euroko igoera
Enviserreko langileek greba mugagabea hasi zuten martxoaren 26an, hitzarmen propio bat aldarrikatuz. Lorezaintzako estatuko hitzarmena aplikatzen zaie egun, eta kasu gehienetan ez du gutxieneko soldata gainditzen.
Sindikatuek adierazi dutenez, greba hasi zutenetik bi bilera baino ez dituzte egin enpresarekin, eta eskaintza urria egin du: "enpresak lan gatazka konpontzeko ogitartekoaren denbora bost minutuz luzatzea eta hilero 25 euro gordineko soldata igoera baino ez du eskaini; greban dauden langileekiko benetako errespetu falta".
Udalaren ardura
Gasteizko Udala, berriz, berandu ibili dela uste dute sindikatuek. "42 egun behar izan ditu greba batzordeari harrera egiteko, nahiz eta behin eta berriz errepikatu duen bitartekari lanak egiten ari dela gatazkari ahalik eta konponbide azkarrena emateko. Paradoxikoa da, ordea, Beatriz Artolazabal zinegotziak esan izana bere taldeak egunero hitz egiten duela enpresako zuzendaritzarekin", esan dute sindikatuek.
Langileek gogoratu dute udalak konpromisoa hartu duela hurrengo lizitazioetan enpresa eta greba batzordearen artean adostutakoa betetzeko eta egungo egoerari irtenbideak bilatzeko. Bitartean, halere, enpresa eta udala ardurak "saihesten" ari direla uste dute langileek. "Enpresak ukatu egin du hobekuntzak eskain dezakeenik udalaren onespenik jaso gabe; gobernu taldeak berriz ukatu egin du hori. Arazo hori konpontzeko, udalarekin bilera bat egitea proposatu diogu enpresari, baina honek ez du eskatu nahi".