Gasteizko udaltzainek 32 urteko gizonezko bat atxilotu dute igandean goizean, bikotekideari eraso egitea egotzita. Atxiloketa gertatu zen unean emakumezkoa bere umetxoarekin zegoen.
Poliziaren informazio oharraren arabera, 11:15 aldera joan ziren udaltzainak Zabalguneko etxebizitza batera. Bertan, eztabaida gogorra izaten ari zen. Gizonezkoaren zein emakumezkoaren azalpenak entzun eta gero, eta biktimak erasoaren ondorioz zituen zauriak ikusita, udaltzainek gizona atxilotu zuten.
Elkarri eraso
Halaber, Udaltzaingoak 23 urteko gizon bat eta 32 urteko emakume bat atxilotu zituen igandean goizean Zabalguneko pentsio batean, elkarri eraso egiteagatik. Genero indarkeria delitua egotzi diote gizonari eta etxeko indarkeria delitua emakumezkoari.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.