"Murrizketa basatiak" salatu dituzte indarkeria matxistaren biktimen arretan

Erredakzioa 2025ko eka. 23a, 13:04

GOFEren parean egin dute agerraldia langileek. Argazkia: ALEA

Adierazpen "faltsuak eta manipulatuak" egitea leporatu diote aldundiari. Iragarritako murrizketekin kalitateko arreta ematea ezinezkoa dela ohartarazi dute.

Indarkeria matxista jasan duten emakumeak artatzeko egonaldi ertaineko harrera zerbitzuan "murrizketa basatiak" salatu dituzte langileek, eta agerraldia egin dute gaur Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen egoitza aurrean. Hemezortzi lanpostutik zazpi kenduko direla ohartarazi dute, plantillaren %38a. Gainera, 2023tik hona CARME zerbitzuan (egonaldi ertaineko harrera zentroa) zazpi familia unitate artatzetik sei hartzera jaitsi da. Behin-behineko murrizketa gisa azaldu zuten bere garaian, baina kontratu berriaren eskaintzan ez da zazpigarren postua berreskuratu. 

Murrizketa hauek ez dira beharrezkoak, langileen arabera, aurrekontu handiagoa onartu zelako 2025eko aurrekontuetan Arabako Aldundian, baina adostutakoa baino %30 gutxiago bideratuko dute biktimak artatzeko zerbitzu honetara. "Arazoa, beraz, ez da aurrekontu nahikoa ez izatea, baizik eta indarkeria matxistaren biktimei ematen zaien arreta eta langileak murrizteko borondatea".

Manipulazio salaketa aldundiari

Gorka Urtaranek gidatutako sailari adierazpen "faltsuak eta manipulatuak" egitea leporatu diote langileek. Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak biktimen arretarako baliabideak zabalduko dituela iragarri du, baina langileek ohartarazi dute "iragarritako plaza guztiak duela hilabete batzuetatik martxan daudela". Berregituraketa batez mozorrotutako murrizketak egitea egotzi diote aldundiari.

Izan ere, enpresak eta aldundiak langileei jakinarazi diete beste zerbitzu batean birkokatuko dituztela, gaztelerazko CAI siglekin ezagutzen den lehen arretako zerbitzuan. Batetik, salatu dute hori ez dagoela aldundiaren esku, kontratu ezberdinak baitira CARME eta CAIrena. Bestetik, CAI berritua jada martxan dago, eta CARMEtik kendutako zazpi langileak hara eramatekotan bertako zazpi langile kaleratu beharko lituzketela ohartarazi dute.

Errekurtsoa aldundiaren baldintzei

Langileen ordezkariek bilera eskatu zioten Urtarani, baina erantzunik gabe jarraitzen dutela salatu dute. ESK sindikatuak kontratazio errekurtso berezi bat erregistratu du, kontratazio agiria bertan behera uzteko eskatuz, ez duelako bermatzen enplegua eta langileen lan baldintzak mantentzea. Errekurtsoa onartzekotan, aldundiak kontratu eskaintza berria aurkeztu beharko luke, berme horiek kontuan hartuta.

Hilaren 30a arte daukate enpresek aldundiaren kontrataziora aurkezteko. Xilema Fundazioak kudeatzen du zerbitzua egun, eta langileek ez dute espero beste enpresarik aurkeztea, langileen kaleratzeei aurre egin beharko liekeelako enpresa berriak, eta horregatik kontratua erakargarria izango ez delakoan. Langileek enpresari eskatu diote ez dadila kontratura aurkeztu, eta hala, hutsik geratzekotan, presio neurri gehigarri bat izango litzateke aldundiarentzat, baldintzak hobetu ditzan.

Uztailaren 2an Urtaran diputatua publikoki agertuko da azalpenak ematera, eta langileek iragarri dute momentu hori baliatuko dutela mobilizazio bat egin eta haien aldarrikapenak zabaltzeko. Arreta plaza gehiago eskatzen dituzte, "baliabide gehiago eta kalitatezkoak, indarkeria matxistaren biktima guztiei merezi duten arreta emateko".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago

OSZAR »