Bi gizon atxilotu ditu Gasteizko Udaltzaingoak larunbat goizaldean eta igande goizean, genero indarkeria delitua leporatuta.
33 urteko gizonezko bat Babesgabetuen auzoko etxebizitza batean atxilotu zuten. Egunean zehar gizonak hainbat aldiz eraso ziola adierazi zien emakumeak poliziei. Lekuko batekin eta ustezko erasotzailearekin hitz egin ondoren eta biktimak zituen lesioak ikusita, poliziek gizona atxilotu zuten.
Bestetik, udaltzaingoek 21 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Alde Zaharreko etxebizitza batean. Gizonak aitortu zuen gau horretan hainbat aldiz eraso ziola bikotekide ohiari eta etxean hainbat altzari apurtu zituela. Horrenbestez, atxilotu egin zuten.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.