Gasteizko Alde Zaharra ezagutzeko maketa "multisentsorial, irisgarri eta inklusiboa" aurkeztu du gaur Maider Etxebarria alkateak. Maketa tiflologikoak ukipen terminal adimendunen bidez funtzionatzen du, Alde Zaharreko eraikin, kale eta monumentuei buruzko audio azalpenak aktibatzeko aukera emanez. Informazioa lau hizkuntzatan —gaztelania, euskara, ingelesa eta frantsesa— eta zeinu-hizkuntzan eskaintzen da.
Uztailetik aurrera Villa Suso Jauregian behin betiko egongo den maketa berria turismoa eta ondarea zabaltzeko tresna izatea nahi du udalak. Aurreratu dutenez, jauregiari zein Gasteizko historiari balioa eman nahi dion proiektu zabalago baten parte da.
Maketa 1:500 eskalan egina dago, 1,60 x 1,15 metroko neurriak ditu, eta bere eraikuntzan, landare jatorriko "material jasangarriak" erabili direla aldarrikatu du udalak. Material horiez gain, 100 metro baino gehiagoko zuntz optikoa, 300 LED argi programagarri txertatu dituzte. Ukipen pantaila ere badauka.
Aurkezpenean, alkateak azpimarratu du tresna berri honek hiriaren turismo "irisgarri, inklusibo eta teknologikoki berritzailearekiko konpromisoan aurrerapauso" bat suposatzen duela. "Gasteizko bihotza ezagutzeko, esploratzeko eta gozatzeko modu berri bat izango da. Gasteiz nola jaio zen, nola hedatu zen eta bere jatorrizko trazadura eta identitatea mendeetan zehar nola mantendu dituen ulertzeko modu berri bat", azaldu du Etxebarriak.