XIII. Lorabarri Astea prestatzen ari dira Aramaion

Erredakzioa 2025ko mai. 2a, 10:28

'Ganado o desierto' dokumentala proiektatuko dute Lorabarri Astean. Argazkia: GANADO O DESIERTO

Udaberriarekin batera, hitzaldi, ikastaro eta tailer ezberdinak antolatzen ditu Aramailur Kontsumo Elkarteak.

XIII. Lorabarri Astea maiatzaren 8tik 11ra ospatuko da Aramaion, Aramailur Kontsumo Elkartearen eskutik. Kontsumo ohituren inguruan hausnartzeko astea izaten da Lorabarri; elikadura oinarri duen baina beste esparru batzuetara ere zabalik dagoen ekimena da.

Egitaraua
  • Maiatzaren 8an, 18:00etan Sastiñan nekazaritza sintropikoa eta baso jangarriei buruzko oinarrizko ikastaroa eskainiko dute Aner Garitaonandiak eta Iñigo Arruabarrenak. Baso jangarriak lantzeko teknika bat da nekazaritza sintropikoa, permakulturaren barruan kokatzen dena. Teknika hau, neurri batean berria da gure inguruan eta oraindik adibide gutxi daude baina aldi berean urte luzez erabilitako maneiuak batzen ditu.
  • Maiatzaren 10ean, Bixente Goikoetxea plazan azoka ospatuko da, 11:00-14:00 ordutegian. Bertan eskuragai izango dira orturako landareak, gazta, ardoa, olioa, arbendolak, ortuariak, gozoak, edari hartzituak, kosmetika, artisau lanak, bidezko merkataritza...
  • Maiatzaren 10ean, 19:30ean Kultur Etxean Ganado o desierto dokumentala proiektatuko da, 2022an MetaforaVisual ekoizetxeak sortutako lana da. Emanaldiaren ondoren, zuzendariarekin solasaldia izango da eta amaitzeko, Kultur etxeko sarreran, modakutxoa jateko aukera. Azken aldian Euskal Herrian arrakasta izan duen Vidas irrenovables dokumentalaren egile berak dira.
  • Maiatzaren 11an, Andramariko eskailerak garbitzeko auzolana 10etan. Adin guztietako herritarrentzako ekintza izango da, askorentzako paseorako eta aisialdirako den ingurune hau txukuntzeko eta atseginago egiteko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago

OSZAR »