Indarkeria matxistari aurre egin

Erabiltzailearen aurpegia Iraia Etxebarria 2025ko ots. 12a, 09:37

Legution eraso matxista izan dela salatu dute. Argazkia: ALEA

Gizon batek bere bikotekideari eraso egin zion, eta, beste askotan gertatu ohi den bezala, instituzioek eskainitako neurriak ez dira nahikoa izan.

Asteburuan Legution gertatutakoa bizi dugun errealitate gordinaren beste adibide bat izan da. Gizon batek bere bikotekideari eraso egin zion, eta, beste askotan gertatu ohi den bezala, instituzioek eskainitako neurriak ez dira nahikoa izan: denbora eta eraginkortasun gutxiko erantzunak, emakumearen segurtasuna bermatzen ez dutenak. Izan ere, instituzioek eskaintzen dituzten neurri horiek erasoaren uneko kudeaketara mugatzen dira soilik, arazoa bere osotasunean kudeatzeko ezintasuna agerian utziz eta emakumea babesgabetasun egoeran geratuz.

Egunerokoan bizi ditugu emakumeok matxismoaren eraginak eta ondorioak: gutxiespenak, irainak, bortxaketak, sexu erasoak... Gainera, indarkeria matxista kasuetan emakumeok gara gizartetik baztertuak eta estigmatizatuak izaten garenak: gu gara etxebizitzak utzi behar izaten ditugunak, babes neurriekin itota eta intimitaterik gabe bizi behar dugunak, gu gara kalean seinalatuak garenak eta errudun sentiarazten gaituztenak.

Egoera larri horren aurrean, argi izan behar dugu indarkeria matxista ez dela kudeatu behar, hari aurre egin behar zaiola baizik. Matxismoa desagerrarazteko haren kontra eta bestelako zapalkuntza formen kontra antolatu behar gara. Gainera, borroka hori instituzioetatik eta alderdi politikoen interes partidistetatik at kokatu behar dugu, benetan emakume horiei babesa eskaini, erasotzaileei aurre egin eta berdintasuna oinarri izango duen gizarte bat eraiki ahal izateko.

Ezinbestekoa da indarkeria matxistarekin amaitzeko, honen aurka antolatu eta borrokatzea.

Iraia Etxebarria.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi [email protected] helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago

OSZAR »