Iritzia

Zer da emakume izatea?

Irudia: Freepik.

"Aniztasunari bidea irekitzeak, bakoitzaren izate berezi eta bakarra onartzeak, ez dakar zapalkuntzarik, guztiontzako askatasuna eta justizia baizik"

Jendartearen sektore tradizionalen aldetik, maiz entzun dugu trans emakumeak ez direla emakumeak. Baieztapen honek sexu aniztasunari uko egiten dio, eta Europako herrialde batzuetan neurri bortitzak ari dira hartzen ildo honetan.

Azkenaldian, adierazpen hau ezkertiar eta feminista bezala identifikatzen diren zenbait alderdietatik ozen ari da entzuten, eta duela gutxi ikusi dugu nola ospatu duten Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak esan duenean trans emakumeak ez direla legalki emakumeak.

Alderdi batzuek aniztasunari diote beldur, boterea galtzeari. Beste batzuen beldurra aniztasun honek emakumeak ezabatzea da. Emakumeak historikoki ezabatuak egon gara botere maskulinoak zapaldu gaituelako, baina aniztasunari bidea irekitzeak, bakoitzaren izate berezi eta bakarra onartzeak, ez dakar zapalkuntzarik, guztiontzako askatasuna eta justizia baizik. Etsaia ez da hau.

Sistema binarioan heziak izan gara, eta sistema honek gizakiak bi kajoitan sartu gaitu. Batean, gizon-zakildun-heterosexualak eta bestean, emakume-aludun-heterosexualak.

Honek bi alderdi besterik ez ditu aintzat hartzen: kanpo genitalak (bulba ala zakila) eta desio-orientazioa (nor dugun gustoko). Kanpo genitalak bakarrik irizpide gisa hartzea animalientzako egiten den sailkapena egitea da, arrak eta emeak. Sailkapen oso sinplista gizakion konplexutasuna ulertzeko. Gustoei dagokionez, nola ulertu guztiok beste sexuko pertsonak desiratu behar izatea, guztiok brokolia, soinekoak, rapa ala rugbya ez badugu gustoko?

Nola identifikatu pertsona bat emakume ala gizon bezala, bere osotasunean hartu gabe?

Banaketa honek pertsona asko kanpo uzten ditu. Ez dago beste sexukoak desiratzen ez dutenentzako lekurik. Ez XY kromosomak izanda alua dutenentzako eta bestelako intergenitalitateentzat, ezta testosterona maila altua duten emakumeentzat, ez dago ez-bitarrentzako tokirik, eta ez dago lekurik bulba duten gizon ala zakila duten emakumeentzat… besteak beste.

"Sexu bilogikoaz" hitz egiten da benetako emakume eta benetako gizon izatea argudiatzeko, sexu biologikoa kanpo genitalen sinonimoa balitz. Hau egitean, pertsona bakoitzaren eraikitze prozesua ezeztatu egiten dugu, izaki baten sortze eta garapenean maila anitzak daudelako: kromosomikoa (XX, XY, XXY…), gonadala (obulutegiak, barrabilak, ovotestis…), genitala (bulba/zakila, kanpo intergenitalitatea…), burmuin maila (sexu-identitate anitzak)…, hau guztia hormonen lan itzelarekin lagunduta. Eraikitze hau guztia biologikoa da, baina prozesuaren zatitxo bat besterik ez badugu kontuan hartzen, zertaz ari gara? Nola identifikatu pertsona bat emakume ala gizon bezala, bere osotasunean hartu gabe?

Gainera, nor naiz ni bestea nola identifikatu behar den erabakitzeko? Nola jakin nola sentitzen den, zein den bere identifikazioa, zer behar duen… galdetu gabe, entzun gabe? Zenbatetan pentsatu dituzte gutaz egia ez diren gauzak? Zergatik nire irizpidea egokia dela uste inolako oinarri zientifikorik ez badu? Medikuntzak aniztasun hau ezagutzen du, baina ohikoena hori tratatzea izan da bi aukeretako batera moldatzeko, aniztasuna desagerraraziz.

Sexologia sexu izatearen aniztasuna ikasten duen zientzia da, eta, ezagutza zientifikoari esker, sistema binarioa errealitate sexuduna ulertzeko desegokia dela argi du.

Maider Garcia de Bikuña, Emaize.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi [email protected] helbide elektronikora.

                 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago

OSZAR »