Sirena hotsak berriro ere. Arrapaladan babes bila joan naiz. Gurasoak begi bistatik galdu ditut eta ez dakit nora jo. Bizilagunek kale erdian galdurik ikusi eta eurekin eraman naute.
Urrutian bonben eztandak entzuten dira. Zerua gorri jarri da, azken hilabeteetan isuritako milaka haur eta familiaren odola bailitzan.
Oraingoan eztanda oso gertu entzun dugu. Amak emandako zapia gogor eutsi eta sakon hartu dut arnasa. Amaren lurrina du oraindik ere. Begiak itxita dauzkat. Ez naiz irekitzera ausartzen, baina inguruko hauts eta anabasa senti ditzaket.
Hegazkinak urruntzen hasi dira, eta jendeak poliki-poliki kaleak hartu ditu. Oihu eta negarrak anbulantzia hotsekin nahasten dira. Oraindik ez ditut gurasoak ikusten. Bonbek eskola bete-betean jo dute. Arineketan ibili naiz, begirada lurrean iltzatuta. Gorpuak... han ziren, geldirik, isilik. Halako batean, sorbaldan zerbait sentitu eta biratu egin naiz.
Aita eta amaren irribarrea malko artean. Besarkada handia eman eta negarrez hasi naiz ni ere. Zergatik egiten digute hau? Zergatik gorroto gaituzte horrenbeste?
Milaka kilometrora, Euskal Herrian uda betean jaia eta aldarrikapena nahastu egiten dira. Rahaf-ek osaba-izeben mezua jaso du. Lehengusuetako bi hil ditu Israelek eraso batean.
Amak emandako zapia berriro ere gogor estutu eta atzean utzitako oroitzapenek pentsamendua estali diote.
Rahafi besarkada handi bat eman diot eta nik ere jarri dut elkartasun zapia. Euskal Herritik Palestinara, zapiz zapi elkartasuna eraikiz.
Mitxel Elortza Exea.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi [email protected] helbide elektronikora.