Siberia-Gasteizera ere uda iritsi da: eguzki orduek gaua konkistatu dute, ekaitz usainak kaleak blaitu ditu, logurak ihes egin digu, eta nahikoa ez balitz, moskito ziztadek udaren etorrera ukaezinaren berri eman digute larruazalean. Urtetik urtera bero handiagoa egiten du, eta biluzik egonda ere, ematen du izerdiaz eta beroaz ez garela libratuko. Baina tira, badira freskatzeko egin ditzakegun zenbait trikimailu: tirantedun kamisetak eta praka motzak jantzi, igerilekura joan, urtegian bainatu, izozkiak jan...
Latitude hauetan, eguraldia dela eta, urtean zehar gorputza arropekin ezkutatzen ohituta gaude. Larruazaleko ildoen, hanketako ileen, garatxoen, barizeen, bizkarrezur okertuen edota alozen gotorleku dira berokiak. Artilezko jertse lodiak, txanoak, bufandak eta botak ikusnahien begien aurkako baliabide boteretsua diren bezalaxe. Baina udan babesik gabe geratzen gara, eta arriskatzearen sentsazioa areagotzen da. Hortxe daude azal zurbila, bizkarreko aknea, sabelaldeko ilea, oinetako gogorguneak eta zelulitisa. Hortxe ere urtean zehar kirol gehiago egin ez izanaren damua, influencer fit horien gomendioak jarraitu ez izanarena. Ekaitz usainetik aparte, udak bainujantzia erostera joatearen estualdiaren usaina du. Sare sozialetan etengabe ikusten ditugun gorputz perfektuen konparazio usaina, "loditu zara" esaldiarena.
Tirantedun kamiseta eta piropo lizunak edota mahuka luzea eta beroa? Praka motzak eta depilazioa edo praka luzeak eta minik eza? Sabel laua edo izozkia? Igerilekurako bainujantzia erostea edo etxean geratzea eta beroa?
Ematen du uda bakar batzuentzat dela. Udaz gozatzeko gorputz zehatz baten beharra dagoela, eta gorputz zehatz horretatik aldentzen diren horiek ezkutuan mantendu behar direla. Baina, noiz eraiki zen udaren eta gorputz zehatz baten arteko lotura zatiezina? Urtaro bat ezin da erosi, ezin da urtaro baten jabe izan. Hortaz, presio estetikoak duen udaren gaineko monopolioa itxurazkoa da, alegia, eraldatu daiteke. Eta hortxe dugu erronka bikoitza: gure gorputzak estereotipoen atzaparretatik askatzea eta uda birjabetzea.
Olaia Salazar Urrutia.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi [email protected] helbide elektronikora.