Dulantzi ibaitik ura hartzen duen kanalak hainbat arazo sortzen ditu, Zadorra Bizirik plataformatik salatu dutenez. Animalientzako arriskua dela ohartarazi dute, orkatz ugari erreskatatu behar izan dituzte bertatik azken urteetan. Gainera, kanalak Dulantzi ibaiaren ia ur guztia hartzen duela salatu dute, eta "alterazio hidrologikoa" sortzen duela bai Dulantzi ibaian zein gertuko Añua eta Arganzubi ibaietan.
Zadorra Bizirik plataformaren ustez, konponbide egokiena kanala kentzea litzateke. Gasteizko urak kudeatzen dituen AMVISA enpresa publikoaren jabetzakoa da kanala, eta 2022. urtean, arazo hauen jakitun, ikerketa bat eskatu zuten AMVISAk berak, URA euskal agentziak eta Foru Aldundiak, animalia basatien eskumena duenak. Txosten horretan ondorioztatu zuten kanala guztiz kentzeak kalteak ekarriko zituela urtegien kudeaketan eta uholdeak saihesteko gaitasunean.
Hala ere, erdibideko neurri bat proposatzen zuen txostenak, kanala gainezkabide bezala erabiltzea soilik. Hau da, ibaiak gainezka egin baino lehen, edo ur asko daramanean, orduan bideratzea kanalera. Zehatzago, kanala elikatzen duten ibaiek segundoko 0,5 metro kubiko baino gehiago daramatenean ateratzea ura kanalera. Ikerketaren ostean irtenbide hau adostu bazuten ere, Zadorra Biziriketik salatu dute ez dela martxan jarri eta ibaiaren egoerak bere horretan dirauela.
Txostenean azaltzen zenez, kanala gainezkabide gisa soilik erabiliko balitz jarraituko luke uholdeak saihesteko funtzioa betetzen, aipatutako hiru ibaiak berreskuratzeko aukera emango luke, urtegien kutsadura murriztuko litzateke eta animalia basatiak bertara erortzeko arriskua gutxituko litzateke. URA agentziarekin bildu dira jadanik Zadorra Bizirikeko kideak, eta gainerako erakundeekin bilerak eskatu dituzte, lortutako adostasunak bete ditzaten eskatzeko.